jueves, 16 de diciembre de 2010

Euskeraren erabilera gure bizitzan

SARRERA

           Lan honen helburua, gure bizitzako eremu ezberdinetan daukagun euskararen erabilera aztertzea izan da. Ikerketa hau burutzeko irakasleak proposatutako galderez gain, guk hainbat garatu ditugu gure lana osatu edo nolabait ere borobiltzeko asmoz. Taldea bederatzi pertsonek osatzen dugu, zortzi neska eta mutil batek hain zuzen ere. Iruñerrikoak bost dira eta beste laurak euskal zonaldetakoak( Sakana, Iza, Erroibar eta Imotzeko bailaretakoak). Grabaketa orduan eztabaidak sortu diren arren, hainbat gaien inguruan adostasuna izan da nagusi. Irantzu Bergarak, talde honen dinamizatzaileak, eztabaidak adostasunaren bila bideratu ditu.

            Orokorrean, gure taldean adostasuna aurkitu dugu guk euskara unibertsitatean erabiltzen dugulako gehien. Hemendik kanpo, iruñerrikoak batez ere, ez dute euskaraz aritzeko ohiturarik, familia zein lagunartean. Hala ere, taldean bertan baditugu lau pertsona euskal zonaldekoak direnak eta hauek familia eta lagun giroan euskaraz hitz egiteko ohitura daukate. Honi esker, unibertsitatera etortzerakoan iruñerrikoak bultzatzen dituzte euskaraz mintzatzera.

IKERKETA

- Euskara zergatik ez da gehiago erabiltzen unibertsitatean?

Galdera hau planteatzerakoan, ikuspuntu ezberdinak azaldu dira. Alde batetik, unibertsitatean magisteritza gradua da guztiz euskaraz ikas daitekeen bakarra, nahiz eta beste karrera batzuetan aukera badagoen zenbait irakasgai euskaraz burutzeko. Beraz, irakasgai gehienak gazteleraz direnez, hau da erabiltzen den hizkuntza nagusia.

Bestetik, zenbait partaideen ustez, euskaraz hitz egiteak atzerritik datozen ikasleenganako (ERASMUS, Interkanbioak,…) errespetu falta adierazten omen du.

Aipatzekoa da gai honetan zenbait adostasun lortu ditugula: lehenengoa, euskaraz dakiten ikasleek berau erabiltzeko ohitura falta dutela eta bigarrena, orokorrean unibertsitateko langilegoak euskara ez dakitela edo gaztelerara jotzeko joera daukatela.
- Ikasleen euskara-erabileraren baliospena

Aurreko galderan esandako arrazoi batzuk agertu dira berriro ere, hala nola, unibertsitateko euskarazko eskaintza baxua, ohitura falta, langileriaren hizkuntza honekiko ezjakintasuna, etab. Guztion artean adostu dugu, honek euskararen erabilera murriztuan eragina duela.

Izandako elkarrizketaren ondorioz, ikasleek kontraesana agertarazten dutela azpimarratu da euskaraz matrikulatzen diren ikasle gehienek gero gaztelera erabiltzeko joera dutelako gehienetan.


- Euskararen erabilera eta egoera NUPen eta Irakasle graduan bereziki. Gutxi erabiltzeak kezkatzen zaituzte? Hitz egiten duzue ikaskideekin gai horretaz?

Galdera bota eta berehala lortu genuen lehen erantzuna. Denborak aurrera egin ahala euskararen egoeraz jabetu gara eta horren alde apustu egin dugu guztiz euskarazko ikasketak aukeratuz, etorkizunean ere hizkuntza honekin lan egin nahi dugulako eta haurren eredu izango garenez, gure euskara maila ere hobetzeko asmoz. Horregatik orain, irakasle graduan, institutuan baino gehiago hitz egiten dugu euskaraz, nahiz eta oraindik nahikoa ez izan.

Partaide batzuen ahoan ere izan zen lehen aipatutako argudioa: karrera gehienak gazteleraz daudela eta horrek unibertsitatean euskara maila eta erabilera murriztea dakarrela.

Gaiari buruz behin eta berriz hitz egin dugula argi geratu da egoera honen aurrean kezka handia azaleratu delako elkarrizketan. Zera esan du partaide batek: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Gainera, euskara aldarrikatu edo bultzatu nahi badugu, une oro hizkuntza honekin kontaktuan egon behar dugula azpimarratu da.

- Azter ditzagun etorkizunean irakasle izanen diren horien artean gaztelaniak duen nagusitasunaren arrazoiak (pertsonalak, familiakoak, aurreko ikastetxekoak,NUPekoak...)

Galdera honen aurrean adostasuna lortu genuen. Zenbait eremu aztertu genituen eta ondorengoa izan zen komentatutakoa: familia giroari dagokionez, kide gehienek euskaraz ez dakitela eta horregatik familian gazteleraz hitz egiteko joera dagoela; giro sozialari dagokionez, erakunde publiko gehienetan gaztelera nagusia delako, hauetan ere hizkuntza hau erabiltzeko joera dugula; giro politikoari dagokionez, euskararen bultzapenik ez dagoela azpimarratu zen; etab.
- Irakasle zaretenean, nola sustatu eta bultzatu behar duzue zuen ikasleen artean euskararen erabilera?

Grabaketan esandakoa kontuan hartuz, aipatu behar da euskara sustatzeko praktikan oinarrituko garela. Alde batetik, teoria pixka bat alboratuz, ekintza edo proposamen praktiko gehiagoren bidez landuko dugu euskara eta ez hainbeste teoria emanez. Horretarako, jolas ezberdinak, irakasle eta ikasleen arteko elkarrizketak, ipuinak, abestiak eta abar erabiliko ditugu.

Beste alde batetik, beste metodo batez baliatuko gara eta horri “GOMETSEN METODOA” deitu diogu. Lehenik eta behin, kartulina bat hartuta gelako haur guztien izenekin eta asteko egunekin taula bat egingo dugu. Egun oso batean euskaraz mintzatu den ikaslea taulan goraipatua izango da gomets berde batekin. Gelakideen aurrean hitzen bitartez euskararekiko egin duen lana eta esfortzua goraipatuko dugu eta gainontzekoei, horren zergatia azalduko diegu.

Metodo hauekin euskararekiko motibazioa bermatzea eta modu natural batean hizkuntza hau erabil eta ikus dezaten lortu nahi dugu.

- NUPeko irakasle graduko ikasleen artean euskararen erabilera nagusi izan dadin akordio batera iritsi. Nafarroan eta Nafarroako erakunde publikoetan dagoen euskararen egoera zein da?
Behin akordio batera iritsita, zera pentsa dugu: Nafarroako egoera oso larria dela erakunde publiko gehienetan euskaraz ez dakitelako. Gainera, unibertsitateetan, udaletxeetan, hizkuntza-eskoletan eta abarretan agiriak, bekak, eskaerak … gazteleraz daude.
Leku hauetan euskara zerbitzua duten arren, bertako langileen euskara maila ez da egokia bete behar dituzten eskaintzak asetu ahal izateko. Hala ere, aipatzekoa da pixkanaka, aurrera pausuak daudela: erizaintzako oposaketetan euskara baloratzen hasi dira…
- Nafarroako eskualdeetan euskararen erabileraren desberdintasuna.

            Aipatu beharra dago Nafarroan lekuaren edo zonaldearen arabera, euskararen erabilera oso ezberdina dela. Adibidez, Baztan, Leitzaldea eta Sakana aldean, euskara haien bizitzetan finkaturik dago, nahiz eta Sakanan adibidez, hainbat herrietan erdara nagusi izan: Altsasu, Irurtzun, Olaztin eta abar.

Nafarroako ekialdean Erronkari eta Lizarraldean oso gutxi erabiltzen da. Bitxikeri bezala esatekoa da Erronkariko euskalkia erabat galduta dagoela. Dena den, Lizarraldean indartzen ari da egunetik egunera. Tafallan eta Tuteran dauden ikastolei esker jendeak euskara ikasteko aukera du nahiz eta haien eguneroko bizitzan ez erabili.


- Nola da posible, gero eta haur gehiago, D ereduan matrikulaturik egonda, kalean gaztelera hizkuntza nagusi bezala agertzea (Iruñerriko zonaldea kontutan harturik) ?

Nahiz eta azken urteotako joera haurrak D ereduan matrikulatzea izan, kalean nagusi den hizkuntza gaztelera da. Paradoxa bat dirudien arren, kalean eta erakundeetan erabiltzen den hizkuntza, gaztelera da.

Iruñerriko haur gehienen gurasoek, erdaldunak dira, eta beraien seme-alabei gazteleraz mintzatzen diete. Haurrek beraz erraztasun eta trebetasun handiagoa dute gazteleraz hitz egiteko nahiz eta benetan D ereduan matrikulaturik egon. Gainera, hedabideen gehiengoa, gazteleraz mintzo da eta honek izugarrizko eragina suposatzen du gizartean, haurrengan batez ere. Bestalde, eskolaz kanpoko ekintzen eskaintzaren gehiengoa gazteleraz dago.

Aipatzekoa da globalizazioak duen eragina, hizkuntza bakarraren alde egiten
baitu honek.
-Erakunde formaletan, zergatik behin baino gehiagotan irakasleek edo bertako langileek duten euskara maila baxua aurki ditzakegu?

Grabaketan lortutako adostasuna azaltzera goaz jarraian. Erakunde formaletan, euskara maila baxua aurki dezakegu bertako langilegoa normalean euskaldun berria delako. Hau dela eta, zailtasun gehiago izan ohi du baita beldurra nahiz lotsa ere jende aurrean euskaraz adierazteko. Gainera, orain arteko erakundeetako langileei ez zaio euskara lan-baldintza bezala eskatu. Hala ere, orain, aurrerapauso txiki batzuk ikus ditzakegu, hala nola, erizaintzako oposaketetan, euskara jakiteak puntu gehiago ematen dituela… Irakasleen maila hobetzeko, euskararen berrikuntza ikastaroak, “cursos de reciclaje”, egiten ari dira irakasle batzuk.
-Egokia iruditzen zaizue, Magisteritza gradua bukatzen duten ikasleei EGA titulua ematea? Gradua bukatzen duten ikasle guztiek euskara-maila egokia dutela uste duzue?


Gai honi buruzko bi ikuspuntu ezberdin gaineratu dira, eztabaida sakona izanik.

Alde batetik, EGA titulua ematearen alde daudenek hainbat argudio eman dituzte:

Euskarako gradua egiten hasten baldin bazara, horrek euskara ikasten hemezortzi urte baino gehiago daramazula esan nahi du horrek, euskara maila on bat izango duzula argi geratuz. NUPez gain, beste unibertsitate batzuetan ( Mondragon unibertsitatean adibidez) EGA titulua ere ematen dute karrera amaitzean. Gainera, ikasle batek lau urteetan agerian uzten du bere euskara maila eta magisteritzako laugarren mailan baldin badago, suposatzen da euskaraz mintzatzeko maila egokia duela.

Beste aldetik, EGA titulua ematearen aurka daudenak:

Nahiz eta lau urtez lanak egiten egon zenbait pertsonek ez dute euskara maila egokia lortzen, egunean hiru orduz aritzea ez baita nahikoa. Beraz, ez da zilegi EGA titulua jasotzea. Gainera, kasu batzuetan, euskara hitz egiteko momentuan trebetasun eza nabaria da.


-Euskaraz ematen diren ikasketen artean erabiltzen den materiala, kuantitatiboki eta kualitatiboki egokia al da?


Euskaraz eskuragarri dagoen material kantitatea oso eskasa da. Gainera, dagoen material gutxi horiek itzulpenak dira gehiengo kasutan eta batzuetan oso astunak suertatzen dira. Bestalde, kalitateari dagokionez, oinarrizko testuak ditugu euskarazkoak. Beraz, goi-mailako hezkuntzan oso testu  eta material gutxi dugu eskuragai.
ONDORIOA       


            NUPen gure artean euskaraz hitz egiteko proposamen berezirik egitea beharrezkoa ez dela uste dugu, baizik eta guk geu kontzientzia hartze beharrezkoa dugula gure esku dagoelako hurrengo belaunaldiaren euskararen erabilera handitu eta hobetzea, gu izango garelako euskara haurrei helaraziko diegunak. Beraz, euskara zaintzeko konpromisoa hartu behar dugu
Egun, euskararen erabilerak oso eremu zehatzetan du indarra. Hala nola, euskal giroko zonaldetan, eskoletan ( nahiz eta asko ikasleek euskaraz hitz egitea asko kostatzen den) … Lan honekin gauzatu dugun azterketari esker, ikusi ahal izan dugu, guk ere euskara bakarrik unibertsitatera mugatzen dugula. Hau dela eta, ez da harritzekoa euskara arrisku egoeran egotea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario